Baina ez gaizki pentsa, munduko kopa baten inguruan suertatzen den giroa ikusgarria da, herrialde ezberdinetako milaka pertsona, pasio batengatik lotuta, non eta futbolaren herrialdean!
Brasil futbola da, kalean usain daiteke eta edozein izkinatan igarri, jende askoren eguneroko arropak euren talde maitatuarenak dira eta politikariek ere erabiltzen dute jendearen botoak lortzeko. Ezagutzen dudan herrialde bakarra non partidu egunean jendeak ez duen lanik egiten gerta daitezkeen arazoak ekiditeko.
Zoritxarrez, gauza asko ere estaltzen ditu, eta ilusioak iraun zuen bitartean ez zegoen inongo arazorik (orain dela lau urte antzerako zerbait gertatu zen ondo ezagutzen dugun herrialde baten), baina orduan, beti gogoan geratuko den finalerdia heldu zen, Maracanazo historikoa alde batera utzi zuena.
Poztasun bat ere badatorkit pentsatzen dudanean zelako lasaitasuna hartuko duen 1950eko Brasilgo atezainaren, Moacir Barbosa Nascimentoren, familiak, 64 urtetan zehar bera izan da Brasilgo lotsarik handiena, kopa hura galtzearen errudun.
Munduko Kopa hasi aurretik milaka aldiz entzun genuen Kopa irabazita zegoela, ezinezkoa zela beste inork irabaztea, beste taldeekiko txistuak, irainak, eta abar. Uztailaren 8an herrialdea mutu geratu zen, inork ez zuen hitz egin nahi, munduko lotsarik handiena. Hurrengo egunean mespretxu egin zion bere taldeari. Hirugarren postuaren partiduan, gure baitan ezagutu genuen tristura hori, nire eskuman zegoen gizonak ezetz esaten zuen buruarekin, ez zela posible. Bakarrik esperantza bat buruan: "Mesedez, betiko etsaiak ez dezala Kopa gure etxean irabazi".
Eta orain zer? Urrian hauteskundeak datoz, eta Kopa irabazita, jendeak argi zeukan Dilmak boterean jarraituko zuela, baina orain zalantzak daude. Hain handia da futbolaren boterea herrialde honetan, gobernu bat defini dezake.
Gastu izugarriak egon dira Munduko Kopa egiteko, eta irabaziz gero, gobernua, beharbada, dirutza hori justifikatzeko gai izango zen, baina orain? Berdin da, Dilmak berriz irabaziko du diru hori hainbeste behar duten pertsonen botoarengatik.
Nire lankide batek esaten duen bezala: "Brasil da emakumeen, futbolaren eta korrupzioaren herrialdea", eta zoritxarrez, korrupzioak, beste gauza batzuen artean futbolaren erreminta duen bitartean, hain aberats den herrialde honek ez du behar duen aurrerapauso hori egingo.
Gutxienez, 2014ko Munduko Kopa bukatu da eta futbolaren duintasunagatik onenak irabazi du, eta ikusiko dugu zer gertatzen den atarian dauden Joko Olinpikoekin.
Hori beste istorio bat izango da...
----------
Gorka Astaburuaga
Bergara