Etxebizitza gutxi batzuen pribilegioa den garaiotan kaleak jende uholdez betetzea arnasaldia izan da.
Gizartea goitik behera zeharkatzen du auziak. Guztiok behar dugu non bizi, gorputz bat, etxe bat, komunitate bat. Ez da errenten, hipoteken edo kontratuen kontu soila. Norbere gorputzean bizirautea nekeza da askorentzat, gorputz queerrak, transak zein ez-bitarrak, arrazializatu edota disfuntzionalak. Gure gorputzak eta bizitokiak gudu-zelaia dira.
Gizarte zis-hetero-patriarkalak gure gorputza kartzela bilakatzen digu, eta sistema kapitalistak bizi garen etxebizitzatik kanporatzen gaitu. Otsoak etxetik bota gaitu. Estatuko hauteskundeen atarian, olatu erreakzionarioari aurre egiteko emergentzia da parean duguna. Abortu eskubidea, trans pertsonen eskubideak, pertsona migratuen bizitzak, gure osasuna, lana, etxebizitza… mundu desiragarriak imajinatzen jarraitzeko, lortutako eskubideetan atzera ez egiteko, gizarte bizigarriagoen alde, ez dadila inor etxean geratu. Ultraeskuinari ateak itxi. Otsoak komunitatetik bota ez gaitzan.