Aldarrikatu, hausnartu eta ospatzeaz gain, galderak egiteko. Euskuirt eguna barruan duguna isuri eta zipriztintzekoa izango da. Arrakalei begiratu, ireki, zalantzei tira egiteko. Euskararen arnasguneetatik bazterreko identitateei arnasa emateko. Euskara azalberritu, hiztunberritu nahi dugu. Nor gara orain eta hemen euskal hiztunak? Eta hiztun lizunak? Euskara hizkuntza kuirra al da? Oraindik gizon zuri baserritarrek osatzen al dute euskal hiztunaren imajinarioa? Minigonadun maritxu eta bizar bilodun marimutil euskaldunak non bizi dira? Mugimendu transmaribibolloa bizi al daiteke euskaraz?
Euskararen arnasa itotzen ari den garaian, genero disidente euskaldunok herrietan bizirauten dugu, armairuaren eta sexilioaren, eta euskaraz bizitzeko nahi eta ezinaren artean borrokan, kolokan. Euskaltzaletasunetik transfeminismora, eta alderantziz, aliantzak eraikitzeko elkartuko gara. Euskara, izango bada, lizuna ere izango delako, euskarak, biziko bada, gorputz eta ahots disidenteak ere behar dituelako.
