Hizkera belikoa da, elkarren kontrako dema. Poetikoki esan dezakegu gorrotoaren arra burmuineko sagarrari koska ari zaigula, garondoan atximurka. Ideia faxistak loratzen ari diren aroan, duela urte gutxi pentsaezinak ziruditen irudiek gure begi-pantailak bonbardatzen dituztelako egunero: genozidio israeldar basatia, ultraeskuineko gobernuen gorakada, pertsona arrazializatuen deshumanizazioa, indarkeria matxista, transfobo zein homofoboaren banalizazioa.
Etxeko sukaldera sartzen zaizkigu, gero eta errazago eta azkarrago. Gorrotoaren aurpegi ustez barregarriak, kuñadismoz mozorrotutako txisteak… pertsona eta izate guztien existentzia ukatzen duen negazionismoaren izurri betean gaude. Izaki pribilegiatuen dominazioari gorazarre egitea da orain modako. Genero disidenteak, gorputz lodiak, pertsona arrazializatuak, langile esplotatuak ikusezin egin nahi gaituzten milaka pertsona gara amildegira bultzatu nahi gaituztenak. Munduko ordena normatiboaren mandatuak zalantzan jartzen ditugunon bizitzak arriskuan daudelako... Babes sareak eraiki ditzagun, gorrotoaren murruak eraisteko.