"Ia ez dut bizitza sozialik, oso zaila da nik jendea ezagutzea". "Ez dut nire burua egoitza batean irudikatzen, pairatu dezakedan homofobiaren beldur naizelako". "Ahal dudan bakoitzean Bartzelonara noa, hemen itotzen ari naizela sentitzen dut".
Iraganeko baieztapenak izan daitezke ala ez. Adineko lesbianarenak. Langabezian dagoen gizon transarenak. Herria gazterik utzi eta hirira alde egin behar izan zuen bollerarenak. Beldurrez armairuan bizi den nerabe bisexualarenak. Herrira paperik gabe iritsi berri den marikarenak.
Ez dira goiko horiek zehazki arrasatearren hitzak, baina lasai asko izan zitezkeen. Memoria beharrezkoa da etorkizuna irudikatu eta eraikitzeko, eta lerro hauek baliatuta, animatzen zaituztet Arrasateko Udalak, Eiherak, Mugimendu Feministak eta Morborrek elkarlanean LGTBI+ pertsonen bizi-baldintza duinak bermatzeko abiatu duten diagnosian parte hartzera. Izan zirelako gara, garelako izango dira.