Dikar, ez dugu tentsio dorrerik nahi gure etxebizitzen ondoan

Hainbat hedabidek zabaldu berri dute Dikar kooperatiba trasladoa egiten ari dela Garagartzako Fagor etxetresna elektrikoak zegoen plantara.

Gaineratzen dute Dikarren hainbat aspektu positibo, besteak beste, lantegiko 72.000 metro karratu erosi dutela, 2022an 90 milioi euro fakturatu zituela, lanpostuak sortzeko asmoa dutela eta eraikin modernoa egiten ari direla. Gainera, hedabideetan, Dikar kooperatibak azpimarratzen du jasangarritasunarekin duen konpromisoa eta bere espiritu kooperatiboa. Hasieran, Bergarako Larramendi industrialdera joateko aukera aztertu zuten arren, Garagartzako gunea jo zuten kokapen egokiagotzat. Izan ere, Larramendi poligonoan, hondakinak tratatzeko instalazio bat kokatzeko posibilitatea zegoela jakin zutenean, bazkideek ez zuten onartu lekuz aldatzea Bergarara, Larramendira.

Orduan, Dikarreko bazkideei galdera hau egiten diegu: zergatik onartzen duzue Garagartzako auzotarren etxebizitzen ondo-ondoan zuen kooperatibak tentsio dorre bat eraikitzea? Ulertzen dugu nahi ez izatea hondakin tratamenduko instalazio bat zuen lantokiaren ondoan, baina Garagartzako bizilagunak kontaminazio elektromagnetikoaz kutsatzearen alde zaudete?

Garagartzarrek ez diote jarri inongo eragozpenik Dikar kooperatibari bere etorreran. Dikar kooperatiba, bestalde, ez da inoiz jarri harremanetan Garagartza auzoko batzordearekin, daukaten proiektua azaltzeko. Egun batetik bestera tentsio dorrea eraikita agertu da auzoan inork ezer jakin barik. Erositako eremu guztitik bizilagunen etxebizitzetatik hurbilen dagoen puntua aukeratu du Dikarrek tentsio dorrea eraikitzeko, lan jarduera garatu behar den tokitik punturik urrunena.

Fagorreko parkina beti erabili izan da industria jarduera eta etxebizitzen eremua bereizteko, eta
Dikar ez da horretaz ohartu, eta ez du ezer galdetu.

Garagartzako batzordeak bilera bat egin du Dikarreko zuzendaritza eta obren ardura guztia daraman LKS KREANekin eta beste leku egokiago batzuk proposatu dizkio. Baina KREANek Iberdrolaren gain uzten du ardura guztia. Argudiatzen du, Iberdrolaren arabera, puntu hori dela toki egokiena eta bakarra tentsio dorrea eraikitzeko.

Garagartzako auzotarrok haserre gaude ez dugulako tentsio dorrearen berri izan eraikita ikusi dugunera arte eta ez zaigulako aukerarik eman beste leku batzuk proposatzeko. Ez gaituzte kontuan hartu erabakitzeko orduan, gure etxeak ez dira existitzen Dikarren iritziz. Horregatik, eta beste aukera batzuk ere badaudenez, eskatzen diogu Dikarri beste leku bat aztertu dezala, eta dorrea lekuz aldatu dezala.

Dikarrek ezin ditu bere interes ekonomikoak lehenetsi Garagartzako auzotarren ongizatearen gainetik, izugarrizko zentzugabekeria izango litzateke. Beraz, premiazkoa da ahalik eta lasterren gauzatzea tentsio dorre horren leku aldaketa, Dikar oporren bezpera aprobetxatzen ari baita obra exekutatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak