Urtarrilaren 17an, 1.100 pertsona elkartu ginen Oñatiko Zubikoako frontoian. Denak helburu batekin: Altxorraren uhartea aurkitzea. Louis Stevensonen nobela ezagunean oinarritutako musikala eskaini genuen egun hartan. Eta egia esan dena borobil irten zen. Muntaia handia bazen ere (eszenatoki handia, mikro asko, argiztapen konplikatua...), dena primeran irten zen, koordinazio handia egon baitzelako gure taldearen aldetik. Zerbait azpimarratu beharko banuke egindako esfortzu eta talde lana izango litzateke. Umeak, tramoia, jantzi eta makilajeko arduradunak, teknikaria, sarrerako arduradunak... Denak bat egin dugu proiektu honetan. Hasiera hasieratik sinistu baitugu muntaian. Eta feeling hori eszenatokiko izkina guztietan nabaritu zela uste dut. Jendea oso oso pozik gelditu zen musikalarekin. Historia polita, dinamikoa, musika ederra, errez ulertzekoa... Hitz horiek izan ziren errepikatu zirenak. Baina, batez ere, egindako talde lana azpimarratu zen.
Azkenik, eskerrak ikusle guztioi. Zuek izan zineten-eta magia hori sortzeko beste osagai nagusietako bat. Eskerrik asko Ganbara Faktoriak sortutako proiektu hau bultzatzegatik. Hori bai, beste altxor batzuen bila hasita gaude, laster jakingo duzue zein portutan porturatuko den Hispaniola itsasontzia!! Horietako bat Elgeta izango da. Apirilaren 25ean goaz Espaloira.