Baina itsasoan amaitutako hondakin horien zati handi bat gure lurraldetik bertatik irten da eta hori oso gutxitan aipatzen da, eta, aipatuta ere, ez da zehazten.
Ematen du askoz errazago egiten zaigula arazoa kanpoan kokatzea, baina hemen ere badauzka bere sustraiak.
Hemengo hedabideek ez digute horretarako aukera gehiegi ematen.
Jendeak barneratu behar luke itsasoko irudi horiek gureak ere badirela, eta arazoa gainditzera beharturik gaudela.
Horrek izan behar luke hedabideen lana.
Baina, ordea, esaten digute itsasoko milaka kilo hondakinen arazoa globala dela.
Horrek ez du batere laguntzen, askoz gutxiago Indiaz hitz egiten digutenean.
Bertoko erakundeek ere gaitz honen aurrean ez dituzte beharrezko neurriak abian jartzen.
Ez gaituzte hezten.
Zenbat ubide, erreka, ibai eta haien ertzak ikusten ditudan plastiko zuri eta beltzez edo beste mota batzuetako hondakinez josita.
Zenbat aldiz gelditzen naiz ibaiari begira eta zenbat aldiz ikusten ditut plastikoak eta bestelako hondakinak beren bidea hartuta, itsasorantz txalupa bezala doazela.
Holako irudiak parean izatean garbi gelditzen zaio bati ez herritarrek ez erakundeek ez diotela gaiari behar duen garrantzirik ematen: ez gara ohartzen ingurumenarekin arazo handia dugula.
Baina sinetsita nago, ingurua eta ibaiak horrelaxe ikusita, behartuta gaudela haien egoera aldatzera.
Ezin da onartu itsasoak jasaten duen kutsadurarekin gora eta behera ibili, eta, aldiz, ibaien egoeraz ezer ez esatea, harreman zuzena baitauka han gertatzen denarekin.
Hondakinek ez dute dagokien edukiontzian edo lekuan amaitzen, edozein bazterretan baizik.
Hor dago gakoa: kudeaketa arazo baten aurrean gaude.
Itsasoak bakarrik jakingo du egun hauetan zenbat milaka kilo hondakin jasotzen ari den, gure ibaiek garraiatuta.
----------
Gorka Alberdi Gomez
Eguzki erakunde ekologistaren izenean
Azkoitia