Eta konpromiso hori dela kausa, haize iraultzaileek bultzaturik, ehunka, milaka gizon-emakumek haien bizitza utzi zuten, tiranoengandik, zapaltzaileengandik, okupatzaileengandik gure aberria askatzeko saiakeran. Azken hamarkadetan, Txabi Etxebarrietarekin hasi eta Xabier Rey Antxo-renganaino, murgilduta dabilen haria, baina erroak ere badituena Gernika suntsitu zuten bonben oihartzunean, Kalamuako mendian, Sabigainen, Intxortan. Baita kronika zaharragoetan ere. Lauaxeta gure poetak hauxe idatzi zuen, aurpegia estalitako faxistek exekutatu baino bi urte lehenago: Mendi eze, ikurrin eder azke nai zattut axian. Amar gasteren lerdena makila luzez bidian! Mendibitxodor berdiok, arin or duaz kantari: "Dana emon bear yako maite dan askatasunari.
Aturri ibaiaren hegoaldean, Ebro ibaiaren iparraldean, bada herri bat, Euskal Herria, zaharra eta zimela, gaztea eta aktiboa, emakumezkoen eskuek eta amen besoek jasoa, lur zati bati gogoz lotua, milaka urteko hizkuntzan abesten duena.
Gure herrian, Arrasaten ere, izan dugu zapaltzaileen aurka, bidean eroritakoen omenez, garaipen txikien konjuran edota askatasunaren alde, abesteko parada. Batzuetan irribarrez, tarteka amorruz, eta beste batzuetan saminez; malkoek ere ureztatu dute gure borroka.
Denbora ez da alferrik pasa, 2018ko iraila da, eta azken urte eta hilabeteotan Euskal Herrian aldaketak eman direnik ezin uka. Baina gure herria eta gure herrikideak aske ikusteko egarriak bizirik dirau: haria ez da eten. Gure konpromisoa helburu horren alde borrokatzen, bidea egiten, jarraitzea da, eta aurretik aipatu ditugun gizon-emakumeez oroitzea, haiekin guztiekin, zor infinitua baitugu.
Maite zaituztegu! Gora gu eta gutarrak!
----------
Iraia Sola eta Gaizka Azkarate
Arrasateko Sorturen izenean
Arrasate