Berritzaileen beharra

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo Zubiaurre 2014ko ira. 1a, 11:30

Gero eta argiago dago aldaketa sakoneko garaian bizi garela.

Krisi larri eta luze batean murgilduta, teknologia eta globalizazioaren garapen azeleratuaren eraginpean, aurreko mendetik datozen ideologiak indargabetuta eta mende honetako erronken aurrean asmatzeko pentsamolde berrien faltan. Azken finean, jakintsu askok garai hau definitzeko erabiltzen dituzten hitzak ekarriz, errenazimendu berri batean sartzen, baina erreferente argirik gabe. 

Eduard Punset-en esanetan, errealitate berrien aurrean gizataldeak ("la manada", berak dioen moduan) gazteak aukeratzen ditu gidari gisa: aurre-baldintza gutxiago dauzkate, ausartagoak dira eta batez ere berritzaileagoak. Beraz, asmatuko badugu –hau da, mende honetan ere ongizatezko herri bat bagara– berrikuntzaren bitartez izan beharko da, eta horretarako pertsona eta asmo gazteen premia dugu. Badago bai non eraberritu, esate baterako, arlo pertsonalean hobetzen eta eskakizun berrietara egokitzen, enpresa eta lan harremanen eremuan berrehun urtez indarrean egon diren jarduerak baztertu eta egun arrakastatsuak direnetatik ikasten, eta politikan eta herri-erakundeetan zerbitzuaren zentsua berreskuratzen eta kudeaketa pribatuaren irizpideak ezartzen.

Balore partekatuak, bikaintasun pertsonal zein profesionala eta jarrera berritzailea izan dira beti arrakastaren ezinbesteko osagaiak. Horren aurrean, era guztietako adibideak ikusten ditut nire inguruan: Adegi-ren enpresa kultura berri baten aldeko apustu txalogarria eta bere aurka azaldu diren hainbat iritzi zaharkitu; Mondragon taldeak hasi berri duen hausnarketa saio itxaropentsua eta kooperatiba entzutetsuena porrotera eraman arte eman diren hainbat jokabide oker; Osakidetzan, Ertzaintzan eta herri erakunde ezberdinetan efizienteagoak izateko ekimenak eta sindikatuen erantzun ozen bezain arduragabeak... Honetan bai gure esku dagoela zer aukeratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak