"Nire aitona gameluan zebilen, aita gameluan, ni Mercedesen, semea Land Roverren eta nire biloba Land Roverren ibiliko da, baina nire birbiloba gameluan ibiliko da". Hau da, garai zailek pertsona indartsuak sortzen dituzte, pertsona indartsuek garai errazak, garai errazek pertsona ahulak eta pertsona ahulek garai zailak. Hausnarketa hori gurera ekarriz, zein fasetan gauden galdetzen diot neure buruari; eta nire belaunaldia Mercedesena edo Land Roverrena den. Gure aitona-amonek eta gurasoek garai latzak bizi izan zituzten, hori argi daukat; eta errazagoak utzi zizkiguten.
Mehatxatzen gaituzten larrialdiengatik, klimatikoa/energetikoa/humanitarioa/demografikoa... garai zailak sortzen ari garela esango nuke. Eta neure buruari galdetzen diot ea gure seme-alabek garraio publiko eraginkorrean ibiltzerik izango duten... Neure buruari galdetzen diot ea birbilobarik izango dugun...