Euskaraldiarekin lotuta, batzar informatiboa bihar, eta 'Oñati Kantuan' ekitaldia zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Oñati 2018ko urr. 24a, 20:25

Oñatiko Eusakaraldiko Batzordeko kideak bisitak egiten ari dira establezimenduetara dendariak eta tabernariak ekimenean parte hartzera animatzeko. Euskaraldiarekin bat egiten dutenei identifikagarri bat banatuko zaie.

Azaroaren 23a, Euskaraldia martxan jarriko den eguna gero eta gertuago dagoela aintzat hartuta, Oñatiko Euskaraldiko batzordea burubelarri dabil lanean.

Bihar, urriaren 25a, herritar guztiendako batzar informatiboa egingo dute Euskaldun Berria  gelan informazioa banatzeko eta zalantzak argitzeko. 19:00etan hasiko da batzarra.

Zapatuan, 'Oñati Kantuan' ekitaldia

Zapatuan, bestalde, Oñati Kantuan ekitaldia egingo dute 12:00etan eta herriko plazan Ahobizi eta Belarriprestekin batera. Horiek, baina, ez dira bakarrik ibiliko, ekitaldian egongo dira-eta Ganbara eta Hotz abesbatzetako kideak, baita Oñatiko abesbatzakoak eta Parrokiako eta Pake Lekuko koruetakoak ere. Musika eskolako musikari eta dantzariek ere egin dute bat 'Oñati kantuan'- ekin.

Bertan abestuko diren kantuekin osatutako liburuxka bat ere atera dute. Besteak beste,  Xalbadorren heriotzean, Iturengo arotza eta Guk euskaraz bezalako abesti ezagunak kantatuko dituzte.  Ekitaldiari bukaera emateko, gainera, musika eskolako ikasleek Pirritx eta Porrotxen Ahoa bizi, belarriak prest! kantua dantzatuko dute.  

Herriko establezimenduen atxikimendua

Dendariak eta tabernariak eragile handiak direla kontuan hartuta, Oñatiko Euskaraldiko Batzordekoak herriko establezimenduetara bisitak egiten ari dira egunotan, denda, taberna eta entitateak ere Euskaraldia sustatu dezaten. Parte hartzea erabakitzen dutenei identifikagarri bat banatuko zaie; modu horretan, bezeroek jakingo dute bertan Ahobiziak eta Belarriprestak daudela.

Dena den, Btzordekoak establezimendu denetara ezingo direnez heldu, Euskaraldian parte hartu gura duten saltoki eta tabernei deia egiten zaie mezu bat bidaltzeko onati@euskaraldia.eus helbidera. Horiei ere banatuko zaie  Euskaraldiaren ikurra, eta Batzordeko kideen bisita jasoko dute  ekimenak iraun bitartean Ahobiziek eta Belarriprestek nolako jokaera izan behar duten azaltzeko.

Euskaraldian izena emateko

Ekimenarekin bat egiteko biderik errazena www.euskaraldia.eus webgunean online egitea da. Bestela, izen-emate orria bete behar da eta udaletxean, kultura etxean edo ikastetxeetan utzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak