Astebete pasa da Arrasaten Euskaraz bizi eguna ospatu genuenetik. Biharamuneko lanak bukatuta eta izerdi, tentsio, eta larunbat gaueko arropa eta zapatak garbitu ditugunez, zuei eskerrak ematea soilik ez zaigu geratzen. Egunean zehar ezinbesteko izan zineten herri eragileoi eman nahi dizkizuegu eskerrak idatzi honen bidez, eman zenuten erantzunagatik eta baita eguna horren borobila ateratzen lagundu zenutelako ere: Txatxilipurdi Elkarteari, herriko txikienei beste behin irribarre bat ateratzeagatik; Dirty Brothers taldeari, gauean karpa jendez bete eta girotzeagatik; Jasan eta Txua taldeei; The Hans Blues Band taldeari, bazkalostea goxatzeagatik; Arrasateko Gaztetxeari, gau osoko lanagatik; Arrasateko Erraldoi eta gaiteroei, kalea kolorez janzteagatik; Trikitilariei, txistulariei eta Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeei, kaleak euskal soinu, doinu eta dantzaz alaitzeagatik; Txorbela otxoteari, albokariei eta Ttakun txalaparta taldeari, ahots sendo, arnas eta egur kolpez kaleak betetzeagatik; eta Portaloi abesbatzari, kantuz gaztetasuna mantentzeagatik.
Horretaz gain, ezin aipatu gabe utzi egunean zehar momentu jakin batzuetan herriko norbanako batzuek eskatu gabe eman zeniguten laguntza ere. Baita kanpotik lanera etorri zineten guztioi ere, eta, nola ez, festara arrimatu zinetenoi. Zuei esker ere atera zen eguna borobil.
“Jakingo bazenute zein polita den herri oso bat euskararen alde lanean ikustea…”
Eskerrik asko guztioi.