Nazioarteko lankidetzan euskara bultzatzeko, Euskaraldiarekin bat egin dute GGKEek

Erabiltzailearen aurpegia Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak ere euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozialarekin bat egin du aurten. Besteak beste, ariguneak sortu eta izen-ematea bultzatuko ditu, bai eta Lankidetzan Euskaraz ataria eta Nazioarteko Lankidetza Hiztegia bezalako baliabide propioen erabilera sustatu ere.

Aurten, maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabileran jauzia emateko asmoz sortutako ariketa sozial erraldoia, Elkar mugituz egingo dugu! lelopean.

2018, 2020 eta 2022ko edizioen ostean, Euskaraldiaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak ekimenarekin bat egingo du oraingoan ere, 2023ko Euskara Planaren ildotik.

Horretarako, entitate gisa izena emateaz gain, Koordinakundeak bost ekarpen egingo dizkio ekimenari, bai aurretik eta bai bitartean.

Tailerrak

Maiatzaren 7an, Euskaraldiaren atarian, erakundeetan euskararen erabilera indartzeko prestakuntza tailerra eskaini zuen, Donostiako Teila Fabrika espazioan, Irene Arrarats euskaltzain eta BERRIA egunkariko euskara arduradunaren eskutik.Besteak beste, euskararen erabileran sexismoa saihesteko eta itzultzaile automatikoak hobeto erabiltzeko aholkuak eta tresnak ezagutzeko aukera izan zen.

Ariguneak

Ariguneak sortuko dira Euskadiko GGKEen Koordinakundearen bulego zein espazioetan, horretarako aukera dagoen kasuetan, hamaika egunez euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan jardun eta entzuteko.

Izen-emateak

Horrez gain, Koordinakundeak entitateen zein norbanakoen izen-ematea bultzatu du, bai bere egituretan, bai bazkide diren 83 erakundeen artean. Horrela, asko dira garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan Euskaraldira batu diren entitateak.

Lankidetzan Euskaraz ataria

Bestalde, Lankidetzan Euskaraz atariaren zabalpenean sakonduko du. Koordinakundearen webguneko atal horrek euskararen erabilera sustatu nahi du nazioarteko lankidetzaren sektorean, GGKEetan eta gure erakundean, hainbat baliabideren bitartez: euskara maila ezagutzeko eta hobetzeko tresnak, dokumentu-ereduak, zuzentzaileak, itzultzaileak, hiztegiak, euskara ikasteko baliabideak, diru-laguntzak...

Nazioarteko Lankidetza Hiztegia

Azkenik, Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuarekin elkarlanean sortutako eta 2024. urtearen amaieran argitaratutako Nazioarteko Lankidetza Hiztegiaren erabilera bultzatuko du. Dokumentuak lankidetzaren arloko ohiko hitzak, kontzeptuak eta siglak biltzen ditu, euskaraz. Gainera, 2025ean zehar hiztegia eguneratzen jarraitzeko asmoa du Koordinakundeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak