Zeinen aberatsak garen!

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Urrutia

Eta zenbat bete gaitzake kontzertu batek, musika hutsetik harago doanean? 

Larunbatean Amaia antzokian egon nintzen. Musika izan zen erdigunean, baina ez musika bakarrik. Musikak ematen digunaz, barruan sentiarazten digunaz eta, aldi berean, azalarazten dugunaz ari naiz. Sentipenak piztu, barruraino sartu eta, ohartu orduko, emozio bilakatzen den horretaz. Idoia Asurmendi izan genuen oholtza gainean, artista handiz inguratuta. Bere etxeko berotasunetik hasi eta bizitzak eskaini dizkion bidelagunen babeseraino, bere munduaren zati bat partekatu zuen gurekin. Zerbait berezia dute bere hitzek eta melodia horiek: barruan gordeta ditugun sentimenduak ukitzeko gaitasuna, batzuetan guk geuk ere hitzetan jartzen ez dakiguna azaleratzekoa. 

Malkoak, irriak eta oroitzapenak, horixe eraman nuen, musikaren handitasuna: norberaren istorioa kontatzen ari dela dirudienean, guztion istorioen zati bat ukitzen duela. Zenbatetan uzten ditugun bigarren mailan kulturak eta arteak gure bizitzan duten lekua, eguneroko presen eta bestelako lehentasunen artean. Zeinen aberatsak garen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak