Elkarrekiko zaintza

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Urrutia 2026ko maiatzaren 25a

Ibili naiz batean zein bestean, dakidan onena ematen eta ahal izan dudan guztia ikasten.

Oraingoan, herri txiki bateko eskola txiki eta familia txiki baten barruan egotea tokatu zait. Mendi magalean dagoen eskola txiki horretan, baso-eskolaren, herriko elizaren eta ingurune berdearen artean, bada zerbait berezia.

Txikitasunean, handia da ikasleek, familiek eta irakasleek elkarrekin sortzen duguna. Gutxi gara inguruan, eta horregatik, esango nuke zaindu beharreko altxorra dela. Herri handietako aniztasuna eta ikaskuntza handiak asko gustatzen zaizkit, baina txikitasunetik ere sortzen dira ikaskuntza sakonak eta bizipen paregabeak, bakarrak.

Denon arteko zaintza, denon arteko jolasa, nagusiek txikiak nola zaintzen dituzten, eta, aldi berean, txikiek nagusiengandik nola ikasten duten… Horrek guztiak egiten du berezi. Familiaren gertutasuna eta ingurunearekiko lotura ere oso presente daude.

Gauza onak eta txarrak izango ditu, baina berezia dela ezin uka. Urtero desberdinak dira bizipenak eta esperientziak, baina nirekin daramat elkarrekiko zaintza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak