En Tol Sarmiento taldearen kantu hau zenbat eta zenbat aldiz entzun, abestu eta idatzi ote dugun galdetzen diot nire buruari. Pasatako pandemia zikin hura noiz eta nola bukatuko zen buruari bueltaka.
Eta bai, elkartu gara berriro, betiko tokietan, baina aulki huts asko inguruan, amestuz aldatuko den esperoan, baina berriz ere leku berdinean desberdin. Mahai borobilaren izkina hartako hutsuneaz. Errealitate bat bada mina, absentzia.
Amestetik ametsaren errealitatean salto eginez ere, urruti jarraitzen dutenen aulki hutsen hutsunea. Berotasunean hotz, iluntasunean mutu. Gertukoen borrokan aldaketa txiki gabe etxeko sutondoko berotasunera milaka kilometrotatik hitzez gogoratzea besterik ez, etsi gabe borrokan jarraitzen dutenek. Kilometro luzez urruntzen gaituen pandemia suntsiezin horren alde borrokan jarraitzeko egunak, pausoz pauso gertuago sentituz. Bidea eginez.