Pandemia erraldoi bat iritsi zen gurera eta honekin batera herriko komertzio txiki askoren itxiera. Garai gogorrak dira eta berez txikia dena txikitzen joan da bi hilabete hauetan; askok beraien ateak itxi eta pertsianak jaitsi behar izan dituzte. Gogoan izan behar dugu gure herriko kale, plaza eta txokoak bete eta alaitzen dituztenak zeintzuk diren: bertakoak. Nekazaritik hasi, merkatuan saltzen dagoen amona edo aitonatik pasa, eta moda edo arropa denda txikiraino. Gure aukera da non erosi eta nori lagundu nahi diogun pentsatzea. Jakina da denda txikiek eta herriko komertzioek ez daukatela Internet edo zentro komertzial handien aukera bera, baina ziur egon emanez jasotzen dela eta bezeroen berotasuna jasotzen dutenek bueltan daukaten onena ematen dutela.
Egunez egun eraikitzen da bizitza. Herriko merkatariek ezin dute saltoki handiekin eta online komertzioekin lehiatu. Gaur, inoiz ez bezala, kontsumitzaileen esku dago boterea eta indarra. Bertako komertzioen aldeko apustua egitean denok irabazten dugu eta bailaran gelditzen den erosketa bakoitzak guztiongan eragiten du.