Aldaketak emateko gogoa sumatzen da gure gizarte honetan, baina noski, igerilekura, herriko tabernetara, erosketetara zein lanera beti goaz autoan. Ez al da aldaketa bizikletaz mugitzea?
Arrasate ez da herri bat ohitua dagoena horretara. Noski, errazagoa da autoa hartu eta di-da batean nahi dugun tokian egotea. Zergatik ez duzu proba egiten eta bihar bi kilometrora duzun lantegira bizikletan joaten? Askoz arinago sentituko zara, aurreztu ere egingo duzu eta kutsadura nabarmen txikituko duzu. Beste hiri askotan normaltasunez hartzen dute txirringa edo autobusa garraiobide moduan, herritarren artean zabaltzen joan delako eta ohiko bilakatu delako. Bestalde, gure herrian aparkatzeko izugarrizko arazoak izaten dira beti; aparkatzen pasatzen duzun ordu erdi hori erdira murriztu dezakegu bizikletan mugitzen bagara, batez ere Erguinen edo Musakolan bizi eta kalera lagun taldearekin kafe bat hartzera gelditu garenean. Beraz, ez al duzu uste zuretzat ere aukera egokia izan daitekeela?
Hautu ona da benetan, aprobetxatu ditzagun ditugun aukerak eta animatu gaitezen bizikleta garaje zulotik ateratzera. Aldaketa emateko bide honetan denon lana da garrantzitsua.