Kutsatu gabeko herri bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Eugenio Otsoa 2020ko mar. 27a, 06:00

Astebete pasa da jada alarma egoeran gaudenetik, denontzako da egoera arrotza, baina esan beharra dut herritarren erantzuna oso ona izaten ari dela.

Leintz Gatzagako herritarrak ez dira etxeetatik irteten, lehen mailako beharrak asetzeko ez bada, eta hori txalotzekoa da. Laguntza sarea ere martxan dugu herrian, eta norbaitek bere burua eskaini gura badu laguntza eskaintzeko, herritarren artean dugun Whatsapp taldearen bidez helarazten du mezua, baita alderantziz ere: norbaitek erosketak egin behar baditu edo farmaziara joan beharra badauka, honen berri ematen du eta zerbait behar duenak eskatzea besterik ez dauka.

Bestalde, beste herri askotan bezala, hemen ere egunero irteten gara, 20:00etan, leiho eta balkoietara, egoera honen aurrean lehen lerroan dauden mediku eta erizainak txalotzera, eta horretarako, txalo zaparradaz batera, danbor, trikiti eta tronpeta hotsak ere entzuten dira, herritarrak alaitu eta animatu nahian.

Datozen asteotara begira, bestalde, printzipioz ez da aldaketarik egongo, hasieratik hartu ditugun neurri berberak mantenduko ditugu, jendeak oso ondo hartu ditu eta aipatzekoa iruditzen zait Leintz Gatzaga dela Debagoienean koronabirusagatik kutsaturik ez dagoen herri bakarra izatea; beraz, jarrai dezagun horrela, denon artean lortuko dugu eta!

Herritarrei eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen, zaindu zeuen burua eta zaindu ingurukoak! Animo eta besarkada handi bat denoi!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak