Emakumeon Munduko Martxako haziak ereitera goaz

Erabiltzailearen aurpegia

Gure Esku Dago-k ekainaren 5erako erabakitzeko eskubidea ereiteko dei egin du, eta guk Emakumeon Mundu Martxako (EMM) haziak ereiteko prest gaudela aldarrikatu nahi dugu; izan ere, ereiten diren hazien araberakoa da jasotzen den uzta.

Aurreko urtean, indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde, bizitzaren iraunkortasuna erdian jartzen duen sistema baten alde, gorputz eta sexualitate askatasunaren alde eta aniztasuna aldarrikatuz gure artean aliantzak ehuntzearen alde haziak erein genituen. Eta jarraitzen dugu.

Mugimendu feministako aitzindari izan ziren emakume sufragistek ere emakumeon erabakitzeko eskubidearen garrantzia zabaldu zuten mundu osoan barrena. 

Hauek argi izan zuten, garaiko legeek esanak esan, momentuko politikaren erdigunean emakumeon behar eta interesak egon zitezen, gure ahotsa entzunaraztea ezinbestekoa zela.

Hala ere, historiak erakutsi digu, emakumeon hitzak zidorretik erdigunera pasa nahi baditugu, botoa emate hutsa ez dela inondik inora nahikoa. 

Loratu daitezkeen proiektu orotan gure aldarrikapenak oinarrian egon daitezen, ereiten diren hazietan gure haziak egongo direla ziurtatuko dugu.

Egunero eta sistematikoki gure aurka egiten duen sistema hau dagoeneko ezagutzen dugu. 

Horregatik, oraina eta etorkizuna diseinatu nahi ditugu, bazterretatik, ezberdintasun guztiak aintzat hartuta, batu eta elkarrekin erdigunean egon nahi dugu. 

Parte-hartze prozesu guztietan gure ahotsa azalerazi eta proiektu berriak alternatiba errealez jantzi nahi ditugu.

Ez digute historia liburuetan gure emakumeen izenak idazten utzi, baina biharko eskoletan neska gazteek erreferente izango dituzten emakumeen izenak ikas ditzaten lan egingo dugu. 

Eta, aldi berean, arrakasta eta lehiaren eredutik harago, lehen lerroan eta hizki larriz idazten den hori birdefinitu nahi dugu, bertso txikitan idazten den historia liburuak mahai gainera ekarriz.

Horregatik, Arrasaten eta eskualdean bizi diren emakume guztiei dei egiten diegu, bizitza erdigunean jartzen duen jendarte eredu feminista eta anitza elkarrekin erein dezagun. 

Ereiten ditugun haziak, mimoz ureztatu eta zainduz gero, laster loratuko dira!

----------

Jaione Martinez eta Eneritz Ugalde

(Arrasateko Emakumeon Mundu Martxako Plataforma / Gaztetxeko Emakumeon Asanblada)

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.