Han elkartu ginen dozena bat herritar. Gaur egun, bagara bikoitza taldean, erdia ekintza batzuetan, eta herri oso bat proiektu desberdinetan. Garbi ikusi zen hori apirilaren 19 eta 21 bitartean egindako janari eta produktu bilketan. Boluntario, laguntzaile, komunikabide eta herritar askoren lanaren ondorioz, 6.000 kilotik gora produktu batzea lortu zen. Kontuan izanda aurreko urteetan 4.000 kilo bidali izan direla, gehienez, kantitate handia da. Batutakoa Zaporeak eta En Red SOS Refugiados proiektuei bidaliko zaie, Grezian burutzen ari diren lanetan lagungarri izan dadin. Esan, Grezian, errefuxiatuen blokeo egoerak bere horretan jarraitzen duela, eta laguntza beharra inoiz baino handiagoa dela.
Janari eta produktu bilketaren emaitzak ikusirik, Hotz Oñatiko lantaldetik eskerrak eman nahi dizkizuegu oñatiarroi, izan duzuen borondateagatik. Baita herriko hainbat enpresari, emandako material guztiagatik, nahiz dendetan, garajeetan, antolaketan... aritu zareten boluntario guztiei ere; eta, nola ez, gure lana aurrera eramateko, baldintzak onartu eta arreta jarri duzuen denda guztiei. Oso balorazio positibo egiten dugu Hotz Oñatiko taldearen izenean. Mila esker!
Hilabete honetan eratu gara elkarte bezala, eta antolaketa bat egiten ari gara, bai arlo politikoko gaiak lantzeko eta baita herri mailan egin daitezkeen ekintza desberdinak aztertzeko. Errefuxiatuen krisiak egoera tamalgarrian jarraitzen duela ikusirik, ahal den eta esparru gehienak erabiltzen ari gara laguntzeko. Herritar orori luzatzen dizuegu parte hartzeko deia. Zuen inplikazioa, ahala/nahia... edozein delarik, ongietorriak izango zarete!
Datozen hilabeteetarako ekintza desberdinak antolatzen ari gara. Esaterako, San Migel Txiki jaietan txosnan izango gara ogitartekoak saltzen. Beti bezala, bertan batutako dirua proiektu ezberdinetara bideratuko da.
Beste hainbat proiektu ere prestatuko ditugu aurrerantzean, orain artean bezala taldeak herrian duen presentzia izaten jarraitu dezan.
Batera arituko garelakoan, eskerrik asko eta animo, Oñati! Pena litzateke gutxi egin dezakezula uste izateagatik ezer ez egitea.
----------
Edurne Saez
Hotz Oñati elkartearen izenean
Oñati