Debagoieneko gazteok etorkizunerako giltza

Erabiltzailearen aurpegia Ernai Debagoiena 2024ko urt. 12a, 14:27

Etxea izan dadin zehaztutako helmuga bakarra dei egiten diogu debagoieneko zein Euskal Herriko gazteriari Urtarrilak 13an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera. 

Giltzak ateak ireki eta ixteko balio zaizkigu. Aurrera egiteko, ate batzuk itxi eta beste batzuk zabaldu behar ditugu. Giltzak, egunero erabiltzen ditugun ezinbesteko tresnak dira eta beste batzuetan ere, bizitzako zenbait alorretan, pertsonak gara giltzen funtzio hori betetzen dugun subjektu garrantzitsuak. Gizarteak aurrera egin ahal izateko prozesu hori ahalbidetzen dugunak izan gaitezke.

Gaur egungo gazteok gure herrian urte luzez iraun duen gatazka armatua bizi ez dugun arren, gatazka horren ondorioak ezagutu eta gutako askok pairatzen ditugu oraindik. Izan ere, gaur egun gatazka horretatik eratorritako egoera bidegabea eta giza eskubideen aurkakoa pairatzen jarraitzen dute euskal presoek.

Azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira euskal presoen eskubideen aitortzan. Horien artean, aurreko martxoan hiru hamarkada luzez euskal gizarteak ezagutu duen salbuespen neurririk lazgarrienetakoa zen dispertsioari amaiera eman zitzaion. Euskal gizartearen eta tartean gazteon lanari eta indarrari esker dispertsioaren atea itxi genuen.

Hala ere, euskal presoen eskubideak urratzen dituzten beste hainbat salbuespen neurri oraindik indarrean jarraitzen dute eta gatazkaren konponbiderako honekin amaitzea ezinbestekoa dela deritzogu.

Ez dauka inolako zentzurik ETAk bere jarduera amaitu zuenetik 12 urte eta desegin zenetik 5 urte igaro ondoren, terrorismoaren aitzakiapean euskal presoen zigorrak areagotzeko espreski sorturiko salbuespenezko legedia baten ondorioz bizi osorako zigorrak aplikatzea, gaixo dauden presoak espetxean mantentzea edota frantziar estatuan espetxeratuta egondako urteak kontuan ez hartzea, zigorra birritan betetzera behartuz.

Are gehiago, euskal presoek legediak zehaztutako baldintzak betez dagokien ibilbide penitentziarioan aurrerapausoak ematea galarazten dieten erabaki judizialek ez daukate inolako kabidarik gaur egungo testuinguruan.

Erabaki judizial horiek eta beste zenbait sektoreren jarrerek euskal gizartea iraganean gotortzeko jarrera argia erakusten dute. Gatazkaren ondorioak betikotu eta konponbidea lortzea ezinezkoa egin nahi dute.

Gazteok bereziki kezkatzen gaitu egoera honek. Eta etorkizun hobe bat eraikitzeko ezinbesteko subjektuak izan gaitezke eta izan nahi dugu. Gure herri eta auzoetan eguneroko lanaren bidez. Eskubideen urraketaren eta salbuespen legediaren ateak itxi, eta konponbidearen ateak irekitzeko giltza izan nahi dugu. Gazteok gara etorkizunerako giltza.

Utzi genion GPSan Puerto de Santamaria, Badajoz edota Fresnes bilatzeari. Baina jarraitzen dugu Lannemezan, Zaballa, Martutene, Basauri eta Iruñeko kartzelen bila. Etxea izan dadin GPSan zehaztutako helmuga bakarra dei egiten diogu debagoieneko zein Euskal Herriko gazteriari Urtarrilak 13an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.


Gu gara konponbiderako giltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak