Honela erantzun zuen: "(…) Iazko Kontxan Xabier Euzkitzek esatea nik patroiari gazteleraz hitz egitea errespetu falta dela mingarria egin zitzaidan. Nire etxean beti hitz egiten dut euskaraz, baina traineruan leku askotako jendea geneukan: uruguaitarrak, espainiarrak, euskal herritarrak... Euskaraz bakarrik arituz gero, ez ninduten denek ulertuko".
Min hartu zuen Iker Zabalak, baina aurretik min hartu zuen Euzkitzek ere. Elkarrizketa berean Iker Zabalak esaten zuen euren entrenamenduak egunero ikusten egoten zenetako bat Benito Lertxundi zela eta hari eta halakoei kasu egin behar zitzaiela. Badu Benitok kanta eder bat, Xalbadorren hitzez osatua, honela dioena: Sumatuz eskualdunak ospetsu nahian/ guretik deus ez duen hizkuntza mihian/ sofritzen egoiten naiz horien erdian/ gutaz ahalgetuta nigarra begian.
Askok, Xalbadorrek eta Euzkitzek bezala, min hartzen dugu euskaraz eredu izan litezkeen kirolariei gaztelaniaz entzutean, min jatetxe batera joan eta karta gaztelania hutsez aurkezten digutenean, min gertuko jendeak –batzuk, euskal hiztun bikainak– gurekin euskaraz eta euren artean gaztelaniaz diharduenean…
Eusko Jaurlaritzak Jauzia gara izeneko prozesu estrategikoa abiatu du, euskararen biziberritzean jauzi bat egin nahirik.
Mina sentitzen duenik ez denean, gurea bukatua izango da. Eta min hori bizi-indar eta eskari kolektibo bihurtzeko modurik sortzen ez dugun bitartean ere ez da jauzirik izango.
Ezjakintasunetik, Munduko Pilota Txapelketa jokatuko den honetan, norbaitek esan ote die selekzioko kideei mingarria litzatekeela euskaldunak euren artean euskaraz ez aritzea. Ba ote du selekzioak hizkuntza irizpiderik?