Esperantxa

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2026ko ekainaren 3a

Urrun dugu Iparraldea; lurraldez bertan, baina urrun geure buruetan. 

Aitortu behar dut gu ere ez garela sarri joan izan. Maskaradak eraman gintuen Zuberoara otsailean eta berrikiago berriz joan gara asteburu-pasa Maule eta inguruak bisitatzera.

Eta Iparraldea gehiago ezagutzeko interesa piztu zait. Azken boladan, Xiberoko Botza irratia eta hango beste irrati euskaldunak entzun ohi ditut, zuberera ulertzeko belarria egin guran eta bertako berri jakin nahirik. Benetan gozagarri zait.

Bertako euskarazko hedabideak ezinbestekoak dira Iparraldean euskara iraunarazteko, eta beharrean dira: Xiberoko Botzak bere instalazioak berritzeko crowdfunding-a antolatu du eta Herria astekariak ere harpidedun edo laguntza kanpaina jarri du abian, 80 urte pasako bere ibilbideari jarraipena eman nahirik.  

"Bat eta esperantxa" erabili ohi dute Iparraldean, pilota partidetan, gure "bat eta huts" esateko. Iparraldea ez da hutsean; ez dute erraz, baina bizirik eta bizi-minez dira! Lagünt dizaegün esperantxa ükaiten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak