Ehunka lur-jabe, ziurrenik; gurean jabe txiki askoren eskuetan banatuta baitago lurra. Gaur egun lursailon azalerak digitalizatuta eta Interneten jarrita daude denon eskura, baina jakinekoa da kasu askotan ez daudela ondo jasota. Eta hori zuzentzeko proposamena egin, eta horretarako enpresa baten laguntza eskaini digu Udalak, lursailon muga-lerroak behin betiko egoki jasota uzteko. Ez da derrigorrean egin beharreko lana; nahi duenak har dezake parte, baina gure inguruan, behintzat, ia denak murgildu gara egitasmoan. Eta aitortu behar dut oso ekimen interesgarria eta txalotzekoa iruditzen zaidala.
Gure arbasoek bide ugari erabili zituzten euren baserrietako basoen, zelaien eta soroen muga-lerroak finkatuta uzteko, eta oraindik ere dezente dira horien kokapena ondo ezagutzen dutenak; baina ez dira gutxi lursailaren mugak ez ezik, lursaila bera non dagoen ere ez dakitenak.
Egitasmoak bakoitza bere eskritura zaharrei hautsa kentzera eraman gaitu, eta lursailera joan, mugakideekin berba egin eta adosten ahalegintzera. Eta hor jardun dugu sasi guztien azpian ezkutatutako mugarri, luban eta hormen bila, laino guztien gainean omen dagoen biltegi digitalen batean betiko finkatuta eta gordeta uzteko asmoz.
Baina beti ez dira ebidentziok aurkitzen, eta halakoetan ikusten da bakoitzaren akordiorako gaitasuna, dela bestearekin erdibidera helduz edo bitartekari bati konfiantza eskainiz.
Mugak eta mugarriak gatazka-iturri izan dira askotan baserri-munduan. Gatazka horiek denak ez dira honekin konponduko, eta, agian, berriak ere sortuko dira; baina sinistu nahi dut eta badut esperantza, oro har, harreman egoera hobea utziko digula egitasmoak. Ea hala den.