Herritarrek ere eman dute euren iritzia. Azkenaldian euskararen egoerak okerrera egin duela da uste nagusia.
Proposamen interesgarriak ere jaso dira bertan; tartean, honako hau: ezinbestekoa da gure umeei eta gazteei urte osoan eskolaz kanpoko eskaintza aberatsa eta irisgarria bermatzea. Urte osoan, uda osoa barne.
Hezkuntza Lege berriak gutxieneko helburu gisa finkatzen du DBH amaitutakoan ikasleek B2 maila lortzea bi hizkuntza ofizialetan. Jakinekoa da eskolak berak bakarrik ez duela hori bermatzen ikasle guztiengan. Are gutxiago, koskonduta, 8, 10 edo 14 urterekin, Euskal Herrira etorri direnetan.
Bertako ume askorentzat uda euskara kamustuko zaien aldi bat izango da. Berriki Euskal Herrira etorri diren ehunka gaztetxorentzat, berriz, eskolan hasi aurretik oinarrizko maila bat lortzeko aukera galdua. Herrian ere landu beharreko gaia da, baina herriz gaindiko erakundeen inplikazioa ere eskatzen du.