Buru eta bihotz

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2024ko api. 26a, 00:00

Datozen lau urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa egiteko prozesuari ekin diogu Bergaran, eta, lehenengo urrats gisa, herritarrentzako galdetegi bat gertatu dugu.

Herritarrei eskatu diegu eman diezazkigutela euskararen egoeraz eta bilakaeraz duten pertzepzioa eta egoera hori hobetzeko proposamenak.

Hasteko, emaitza positibo bat izan dugu, guztira 200 herritarretik gora izan baitira galdetegiari erantzun diotenak. Herritar gehienen iritziz, euskarak okerrera egin du Bergaran azken urteetan. Datu soziolinguistikoek ere geldiunea edo beherakada txiki bat adierazten dute, eta hori iraultzea dugu apustu nagusia.

Eta proposamen interesgarririk ere jaso dugu; tartean, honako hau: euskara bera gogoetagai izango duten lanen –iritzi-artikuluen, ikerlan txikien, proposamenen…– lehiaketa edo antzeko zerbait antolatzea; gure buruak janzteko eta gure bihotzak berotzeko bide bat, sorgune bat, imajinazio-gune bat.

Euskararekin lotutako bi ekitaldi interesgarri izan ditugu berriki herrian. Alde batetik, euskarak luzaz jasan duen eta jasaten duen jazarpena bikain aurkezten duen filma: Bizkarsoro. Benetan bihotz-berogarria eta emozio-pizgarria. Bestetik, Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren tesia aurkezteko hitzaldia, mezu argia utzi diguna: "Euskara askoz gertuago dago heriotzatik osasun betetik baino, eta ez gara kontziente".

Joxean Artzek hauxe dio bere poema batean: Hala bazen ere lehen / areago da orain hemen / euskararen iraupena 'zenbat'en eskuetan bainoago 'nolako' euskaldunengan dago.

Pentsatzen dut zenbat eta nolako biak behar ditugula, baina ‘nolako’ horrek garrantzi berezia hartzen duela.

Nolako euskaldunak izango gara gu? Nolakoak gure entitateak? Nolakoak gure politikariak? Gai izango gara euskara gure lehentasunen erdigunera ekarri eta, buru eta bihotz, euskararen aldeko olatu berri bat sortzeko?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak