Puigdemont eta bere gobernukideak Europako Parlamentuan prozesua azaltzen izan diren egun berean, Espainiako Circulo de Enpresarios-eko presidente Javier Vega de Seoanek esandakoa zabaldu dute hedabide nagusiek: enpresariak ihesi doaz Kataluniatik izurritetik bezala (como de la peste)... "Enpresariek ziurtasun juridikoa behar dute", esan du.
Ez du ematen zentzugabea denik enpresariek ziurtasuna behar dutela esatea.
Baina Vega de Seoaneri buruz gehitxoago jakiteko gogoa sortu dit albisteak eta jakin dut Donostian jaioa dela, aita eta aitajauna Donostiako alkate eta Realeko presidente izan zirela eta gaur egun hainbat enpresatan –tartean Tavex Algodoneran– diharduela.
Eta topatu dut Javier honek esandako beste kontu bat ere: "Ohitu beharra dago soldata finkorik izango ez den eta zalantzazkoagoa izango den bizitza modu batera". To ziurtasuna!
Kontua da Espainiako Enplegu Ministerioaren arabera, Katalunia izan dela 2016an langabezia murrizketarik handiena izan duen komunitateetako bat: Kataluniak 2,8 puntu, Madrilek 1,1 eta Espainiak guztira 2,3 puntu.
Ez dute bide erraza katalanek; ez zaie faltako gezurra eta beldurra erein eta zabalduko duenik.
Eta gure inguruan ere ez dut sumatzen horri aurre egin eta katalanei babesa emateko ahalegin berezirik.
Cançó a Catalunya ederrean zioen Xabier Letek:
Itsas ilun honetatik zure argi haundira
Bihotz-begiak zabalik nagokizu begira
Urteak eta mendeak zugan iraupen dira
Eraman gaitzazu azkar askatasun berrira.
Oh, Katalunia!
Eta euskaldunok… zer egin dezakegu euskaldunok Katalunia askatasun berrira irits dadin? Zer egiteko prest gaude?