... ehun urte pasatxo heldu ei zen trikitia Euskal Herrira. 1889koa da trikitiaren gaineko lehenengo aipamen idatzia, Juan Carlos Guerra arrasatearrarena. Soinu txikiak dantza lotua ekarri ei zuen berarekin eta kronikek diotenez, elizaren zein erakundeen kontroletik ihesi, auzo eta erromeria-leku aparteetan bota behar izan zituen sustraiak.
Zenbaitzuengan sortzen zuen gaitzespen horren erakusle dira soinuari berari jarri izan zaizkion gaitzizenak: Infernuko hauspoa, Txerren-hauspoa…
Eta trikitia bera moralaren eta ohitura onen aldetik gaizki ikusia bazen, zer esanik ez emakumeak trikitilari izatea.
Aurretik ere dezente izan ziren, batez ere, emakume pandero-joleak, baina, lehen aipu hartatik ehun urtera, 1988-89 bueltan, iritsi ziren emakumez eratutako lehenengo trikitilari bikoteak: Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider…. Maixak berak azaldu izan duenez, ez ei zuten eurek ere hasiera erraza izan. Ez etxean eta ez euren idolo ziren trikitilariengandik ere ez ei zuten animo eta bultzada handirik jaso. Baina gauzak aldatu dira.
Orain dela hamar egun Arrasateko Trikitilari Elkartearen ikasturte amaierako ekitaldian izan ginen Amaia antzokian. Maixa bera zeremonia-buru, ehun bat lagun igaro ziren oholtzatik, ume eta gazte pila bat eta baita heldu mordoxkatxo bat ere: %80tik gora emakumezkoak. Eta, seguru jakin barik, esango nuke Arrasateko antzera izango dela Bergaran eta Oñatin, Antzuolan eta Aretxabaletan… Eta trikitian bezala, dantzan, abesbatzetan, aisialdiko begirale lanetan eta kirola ez den beste ekimen guztietan…
Gaur egun, Maixa eta Ixiar hasi eta 25 urtera, emakumeek eragiten diote infernuko hauspoari. Eta ausartuko nintzateke esaten gaur eta hemen eurek eragiten diotela munduko hauspoari ere. Bejondeizuela!