"Gure memoriak"

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2013ko mar. 15a, 01:00

Egubakoitz honetan Elgetara joateko gonbita jaso dut.

Agindu diet pozik izango naizela bertan. Ahotsak egitasmoaren 10. urteurreneko jaialdia izango da Espaloian. Euskal Herri osoko euskaldunei egindako elkarrizketak jasotzen dira proiektuan: Bizkaiko puntatik Zuberoako puntara bitarteko lau mila lagunetik gora; erdiak emakumezkoak, beste erdiak gizonezkoak. 

Gaur ahotsak.com-en dugu denon eskura mende beteko historia, protagonistek eurek kontatua. Krisi garaiotan, Ahotsak-ek eza berta-bertatik ezagutu zutenen esperientzia ezagutzeko aukera eskaintzen digu; une zailei aurre egin behar izan dietenen eskarmentua eta ikaskizuna.

Baina, aldi berean, hitzaren indarra makaldu zaigun eta atzamar lodiarekin komunikatzen ikasi nahian gabiltzan sasoi honetan, Ahotsak-en topa dezakegu hitza bera lanabes zorrotz eta gozamen-iturri dutenen eredua.

Gertu-gertutik ezagutu nuen egitasmoaren sorrera, baina aitortu behar dut ez nuela garai hartan askorik espero iritsi den lekura iritsiko zenik. Ez kopuruz, ez edukiz eta ez aukerez. Izan ere, Ahotsak beste ezeren gainetik, aukera da. Ahotsak proiektua bera, bere hutsean, bada gure aurrekoentzako aitortza eta esker ematea... Bertan gidari eta langile dihardutenek ere nire zorionik beroenak.

10 urte bete ditu Ahotsak-ek eta sarean dugu 10 urtean jasotako beste bilduma erraldoi bat: euskararen Egungo Testuen Corpusa, prentsatik, liburuetatik... jasotako euskarazko testuen datu-base erraldoia, 205 milioi hitz dituena eta, beste hainbat aukeraren artean, hitzen erabileraren maiztasuna, erabilera-adibideak, beste hitz batzuekiko konbinazioa eta abar erakusten dizkiguna. Bertan jasotzen dira esku artean duzun kazeta honetako testuak ere.

Ahotsak eta ETC gure memoriaren bi zutabe, bi errealitate eder, etorkizunerako bi aukera handi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak