"Hauteskontuak"

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2012ko urr. 23a, 02:00

Joan ei zen behin hautagai jauna herri batera eta agindu ei zuen...

"Eta nik zuei zubi elegante bat egingo dizuet!". Jendeak, harrituta: "Baina jauna, guk ez daukagu errekarik". Eta hautagai jaunak: "Bueno, konforme, baina dena batera ezin da, erreka hurrengo hauteskundeetarako".

Gurean, promesak egiten hasita, era honetako promesak egin beharko zituzketen: "Ni lehendakari banaiz, Athleticek Europako Liga irabaziko du". Athleticek diot lau alderdi nagusietako hautagaiak bizkaitarrak izan ditugulako. Izan ere, badakizue, adibidez, Real Madrilek frankismoaren ondoren irabazitako hiru Championsak PP agintean zela irabazi dituela eta Barçak irabazitako laurak, berriz, PSOE agintean zela lortutakoak izan direla? Ibarretxerekin Athletic txapeldun izango ote zen iaz?

Txantxak txantxa, tamaina horretaraino iritsi barik, gurean ere izan dira promes handiak beste aldi batzuetan: "200.000 lanpostu sortuko ditut", "300.000 lanpostu sortuko ditut"... Azkenaldian, ostera, hautagaiek ardura handiagoa izaten dute hartuko dituzten zenbait neurri gordetzen promes ilusio-piztaile handi-mandiak egiten baino. Bai baitakite jendeak politikoenganako konfiantza galdu duela.

Esango nuke azkeneko hauteskundeotan ilusioak baino presentzia handiagoa izan duela beldurrak. Alderdi espainolistak beldurra sartu nahian ibili dira: "Horiek badatoz, independentziara eramango gaituzte". Abertzaleak, berriz, beldurrak uxatu nahian: "Gu akordio zabalak lortzen saiatuko gara".

Inkestek bigarren estrategia nabarmen nagusituko dela esan izan dute. Artikulu hau esku artean duzunerako inkestak gaindituta egongo dira eta hainbat galdera erantzunda: zein izango da hautagai bozkatuena?; iritsiko dira alderdi abertzaleak 1984tik 90era bitartean lortu zituzten 49-52 legebiltzarkideetara?; inkestek esan bezala, hiru lurraldeetan irabaziko dute? Erantzunon zain geratuko gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak