... Insumiso egin naiz horixe da dana / ahaztu gabe guztioi muxu handi bana.
Hala kantatu zigun Jon Sarasuak orain dela urte mordoxka bat milaka gazte euskaldunen sentimenduari eta jarrerari ahotsa jarriaz.
Orduko izpiritua ekarri dit gogora urrian SEGIren kontrako operazio polizial batetik ihes egin zuten 8 gazteek joan den hilean Izpuran (Behe Nafarroan) egin duten agerraldiak. Tartean zen Aitziber Plazaola bergararra, abizenkide baina ez senitarteko dudana. Diot orduko izpiritua ekarri didala gogora, alde batetik, gazteok azaldu duten naturaltasun, ausardia eta irmotasunagatik eta, bestetik, lortu duten babesagatik. Bergaran bertan Aitziberren aldeko mozioa alderdi abertzale guztien aldeko botoarekin onartu zen. Baina Iparraldean, hautetsi abertzaleek ez ezik, ekologistek edo PSko hainbat kargudunek ere beste urrats bat eman dute eta, gazteok
Espainiara bidaltzeko euroagindua salatzeaz gainera, euren etxeetan eman diete aterbe.
Aitziber Plazaola Alize Leiziagezahar Akitaniako kontseilari ekologistaren etxean egon da, Alizek berak aitortu duenez. Alizek esan du jakitun zela ekintza horrekin hartzen zuen arriskuaz baina ez zegoela ados euroaginduaz: "Terrorismo edo gaizkileen kasuan, hor nonbait, baina prozedura hori ezin da ideia politikoengatik aplikatu. Ez nator bat gazte horien ideiekin, baina adierazteko eskubidea dute. Ia miretsi egiten ditut euren geroaren jabe izateko duten grinagatik".
Intsumisioaren borroka-eredua oso eragingarria izan zen bere garaian. Gaur ez dugu soldaduskarik. Ez da erraza borroka-eredu horrek beste arlo batzuetan zer eman dezakeen antzematea. Edonola ere, eredu horren ezaugarri nagusiak (bortizkeriarik eza, konpromiso irmoa, gizarte-pedagogia, herritarren sostengua…) funtsezkoak izango dira, nire ustez, herri honen etorkizuna eraikitzeko bidean.