Estepan Plazaola: "Gazte eleliderrak"

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2011ko ots. 2a, 01:43

Indarkeria desagertzean, ETA desagertzean, egingo omen dute bat, behin betiko, euskarak (e)ta askatasunak.

ETA bat desagertzean etorriko ei zaigu bestea. Hala esan du Patxi Lopez lehendakariak Euskararen Aholku Batzordearen lehen bileran. Jaurlaritzatik komentatu dute gaizki ulertu (nahi izan) zaiola, baina lehenago ere lotu izan du indarkeria eta euskara.
Hizkuntzek eta indarkeriak izan dute bai lotura eta badute gaur egun ere. Besteak beste, indarkeria izan da eta da hainbat hizkuntza desagertzeko faktoreetako bat.

Gaiak zer esan asko emango liguke, baina esango nuke euskarak eta askatasunak gaur egun ere egunerokoan duten lotura nagusia beste bat dela: euskaldunok euskaraz egiteko askatasuna mugatua izatea.

Eusko Jaurlaritzak badu zerbitzu bat ELEBIDE izenekoa, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko sortua. 2009ko txostenean dioenez, urte hartan 209 kexa jaso ziren euskaraz egiteko eskubidea urratu zitzaienenak, hiru gaztelania erabiltzeko eskubidea bermatu ez zitzaienenak. Kexa horietako %82 erakunde publikoekin lotuak izan ziren, gainera. Datuok 2008ko datuen oso antzekoak dira eta, tamalez, pentsatzen dut ETA desagertuta ere, ez direla goizetik gauera aldatuko. Eskertuko genuke egunen batean lehendakariaren ahotik horri buruzko gogoetaren bat ere entzutea: ELEBIDEren urteko txostena hartu eta hedabideen aurrean datuei buruzko bere hausnarketa plazaratzea eta horri konponbidea emateko proposamenak egitea.

Pentsatzen dut euskarak askatzaileak baino gehiago euskaraz egiteko guneak, euskarazko zerbitzuak, euskaraz egingo duten hiztunak… behar dituela. Tartean baita hiztun bikainak ere, komunikatzaile eredugarriak…  KUTXAk gazte ekoliderrak sortzeko ekimena du abian. Zergatik ez gazte eleliderrak sortzeko proiektu bat? Zergatik ez Debagoienean? Unibertsitatea, Goiena…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak