Berripaper honetan bertan Itxaro Artola arrasatearrak salatzen zuenez, batzuen eskaintzetan ez da euskarazko oparirik.
Bergarara Olentzero bera etorriko zaigu aurreraturik. Bueno, Bergarara ere ez zehazki; Bergarako Olentzero etorriko da… Arrasatera. Baina hori, Bergarara barik Bergaratik kilometro batzuetara etortzea, bere garrantzia izanda ere, gutxienekoa da.
Opari dotore batekin datorkigu: Olentzero & Co musikalarekin. Eta hau bai, hau euskarazkoa da. Sarri ekartzen dizkigute Bergarako Olentzeroek halako opariak. Eta pozez hartzen ditugu. Pozez, jakinik euskaraz egiteak berak lan gehigarri bat ekarriko diela, seguruenera. Baina konbentziturik lan gehigarri hori gustura eta ilusioz egiten dutela.
Arrasaten eta Oñatin ere hartu dituzte batzuek beharleku ederrak La Gran Vía eta ¿Problemas de pareja?... La solución aquí lanekin. Ikusi ez baditut ere, jendearen harrerak garbi erakusten du obra bikainak sortu dituztela, zoriontzeko modukoak.
Baina, inori ezer leporatzeko motiborik barik, penatxo hartzen dudala esan behar. Penatxo, pentsatzen baitut toki gutxitan izango dela Oñatin eta Arrasaten baino baldintza hoberik halako lanak euskaraz ateratzeko.
Eta euskarak jarraituko badu, ezinbesteko ditugulako euskarazko sorkuntzan murgilduko diren herritarrak, euskaraz gozatzeko eta sufritzeko aukera emango digutenak.
Horregatik, euskaraz opari eder bat eskaintzegatik edo, nahiago bada, opari eder bat euskaraz eskaintzeagatik, eskerrik asko, Olentzero; eskerrik asko, Oihan, Joxemi, Karlos, Oier… Eskerrik asko, urtez urte halako opariak eskaintzeko lan egiten duzuen denoi!