Zaldibartik Iñaki Arregiren 'fake'-a argituz

Uztailaren 1eko Goiena-k Bergarako PNVko Iñaki Arregiren gutun bat argitaratu zuen, eta bertan egileak egiten zuen baieztapen bat zuzentzera gatoz.

Gutunaren bosgarren paragrafoak hauxe dio, hitzez hitz: Zaldibarko zabortegia zabaltzeko baimena ere Bilduko alkateak eman zuen eta argi dago zabortegi horien eredua amaitu dela betirako.

Verter Recycling enpresari PNV-PSOEko udal gobernuek eta PNVko alkateek eman zizkioten baimen guztiak. Artean, Bildu ez zegoen inongo udaletan; ez egoteagatik, legeztatuta ere ez zegoen. 

Obra-baimena 2007ko maiatzaren 17an eman zion udal gobernuak, Igor Barrenetxea-Arando jeltzalea alkate zela. Agindutako epean ez zituztenez zabortegia eraikitzeko lanak hasi, 2008ko irailaren 4an berriro eman zion baimena udal gobernu berak.

Jarduera-baimena 2011ko maiatzaren 6an eman zion udal gobernuak, Idoia Mendiolagarai (PNV) zena alkate zela. Ordu batzuk lehenago legeztatu zuten Bildu. Hamasei egun geroago egin ziren udal hauteskundeak eta Bilduk gehiengo osoz irabazi zituen. Sekuentzia hori ikusita, edonork atera ditzake ondorioak.

Behin Bildu udal gobernuan, 2015eko uztailaren 10ean, udalak ezetza eman zion Verter Recyclingen zabortegia handitzeko asmoari. Eta 2017ko ekainaren 29an udalbatzak ezetza eman zion berriro Verter Recyclingen asmo berari, Bilduren botoekin. PNVk eta PSOEk alde bozkatu zuten.

2020ko otsailean, zabortegia amildu zenean, PNVko eta PSOEko hainbat kide, Anasagasti eta Pastor tartean, saiatu ziren Iñaki Arregik urte bi eta erdi geroago dakarren fake zahar hori zabaltzen. 

Eskatu nahi diegu Iñaki Arregiri eta bere alderdiari, erraustegien alde ekiterakoan eta, oro har, hondakinen trataeraren beren politika defendatzerakoan, ez dezatela gezurrik erabili. Ez da erraza izango, baina esperientzia berriek badute xarma.

----------

Eneritz Azpitarte Aranzabal

Zaldibarko EH Bilduren izenean

Zaldibar

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak