NATOren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu!

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Kortabarria 2023ko mar. 29a, 11:27

Kontseilu Sozialistek deituta mobilizazioak egingo dituzte martxoaren 31n Baionan eta apirilaren 1ean Gasteiz eta Iruñean "NATOren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu!" lemapean.

Azken hamarkadetan izandako nolabaiteko bake egoera baten ostean, gerra Europako ateetan  dugu. Gerra honek, metaketa ezintasun bati erantzuten dio, krisi kapitalistari. Orain arteko bitartekoak ez dira nahikoa mendebaldeko oligarkiaren irabaziak ziurtatzeko. Hala, hegemonia bermatzera begira, oligarkia honen aparatu politiko-militarra berrarmatzen ari dira, NATO alegia. Bide horretan, gerrako jarduna indartu dute, izan Ukraniako jarduera belikoa handituz, Txina eta Errusia bezalako bloke geopolitikoekiko gerra ekonomikoak hedatuz, gastu militarra handituz zein eskala handiko gerrarako prestatuz.


Hortaz gain, azpimarratzekoa da informazioaren kontrola eta gerraren inguruko errelato bakarra inposatzera begira egiten ari diren lana; informazioa zentsuratuz, komunikabideak blokeatuz edota ikuspegi kritikoak jazarriz. Oso larria da Ukraniako erregimenaren parte diren sektore naziei egindako aurpegi zuriketa.


Gerra honetako galtzaileak langile klasearen kapa baxuenak dira. Ukranian bertan, jende txiroenak ez du gerratik alde egiteko bitartekorik, bertan geratu eta ondorio lazgarrienak sufritzen ditu. Europan berriz, oligarkiak gerraren kostuak langilearen gain jarri ditu: interes tasen igoera, energia eta oinarrizko produktuen prezioaren igoera, zerbitzuen murrizketak... Langileok miseriara kondenatzen gaituzten bitartean hainbat eta hainbat enpresen irabaziak  ikaragarri hazi dira.


Bien bitartean, Espainiar estatuak eta bere alderdi politikoek gerra testuingurua sakondu eta  bultzatzeko helburua dute. Adibide bezala aipatu ditzakegu Leopard tankeen bidalketa edo armagintzara bideratutako diru partidak. Haiek babestuko azken aurrekontu orokorretan, gastu militarra %26 handitu da. Egoera honetan, langileon antolakuntza independentea sakontzea dagokigu, argi baitago estatuaren baitako alderdi guztiak direla egungo egoeraren erantzule.

Guzti honengatik, NATOren, gerraren eta basakeria kapitalistaren aurka mobilizatzera dei egiten dugu. Horretarako, manifestazioak antolatu ditugu martxoaren 31n Baionan eta apirilaren 1ean Iruñean eta Gasteizen. Bertarako deia luzatzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak