Manifestazioa urtarrilaren 9an 18:30etan Beasaingo Bideluze plazatik

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Kortabarria 2022ko urt. 6a, 21:42

Kontseilu Sozialista Deba Bailarak eta Kontseilu Sozialista Goierrik mobilizazio egingo dute urtarrilaren 9an Beasainen "Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu" kanpainaren baitan.

Orain dela egun batzuk irakurri nuen komunikabide honetan justu, zehazki urtarrilaren 18an jarriko dutela martxan bidesaria A-636 autobidean. Albiste horretan aipatzen zenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak Abiatu gailua eskatzeko deia egin die erabiltzaileei "deskontu nabarmenak lortzeko eskubidea ematen duen bakarra dela" argudiatuz.

Nola lortuko ditugu bada, erabiltzaileok deskontuak orain arte ordaintzen ez den azpiegitura bat erabiltzeagatik? Deskontuak baino gastuak dira autobide hau erabiltzeagatik ezartzen direnak. Izan ere, 0 euroko gastua izatetik egoera onenean 30 euroko gastua izatera pasako da. Zer gertatzen da lanera, ikastera edota aisiaz gosatzera doan erabiltzaile horren Gipuzkoako errepideak erabiltzeko eskubidearekin? Hutsaren hurrengoa dela, besterik ez. 

Egongo da nonor esango duenik, bidesari hau ustiapenak sortutako gastuei aurre egiteko ezarriko dela eta beraz, erabiltzen duenak ordaindu beharko duela. Halabaina, non ageri da orain arte ezarritako eta etorkizunean ezarriko diren bidesarien irabazien informazioa? Kasualitatez, ez da inon ageri. Horretaz gain, bidesaria ordaintzeko dirurik ez duenak oinarrizko beharrak asetzeko eskubide errealik ez du, are, utzikeriara kondenatuta dauden bigarren mailako errepideak erabiltzera behartuta dago.

Ezer berria ez den arren, salagarria da egoera honen aurka altxatu denari askatasun politikoak urratu zaizkiola. Horren adibide garbia da autobide ertzean edota herri ezberdinetan jarritako propagandaren berehalako ezabaketa. 

Beraz, gaurkotasun eta urgentzia handia dauka honen aurka antolatu, borrokatu eta kaleak hartzeak. Izan ere, inpunitate osoz peajea inposatzea aurrekari larria da, etorkizuneko neurri ezberdinak martxan jartzeko zilegitasuna ematen dielako kasuan kasuko agintariei. Zentzu horretan, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den mugikortasunaren aldeko aldarria lau haizetara zabaldu eta peaje honen aurkako gure posizioa argi utziko dugu urtarrilaren 9an 18:30etan Beasaingo Bideluze plazatik abiatuko den mobilizazioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak