Eta horixe, gertuko informazioa da, eta izan da, hain justu ere, Goienaren indargunea eta zaindu beharreko altxorra. Inoiz baino eduki gehiago, izan informazioa edo ez, izan egia edo ez, askotariko euskarrietan horren erraz zabaltzen den eta jasotzen ari garen honetan, urrea balio du hurbilenari buruz, zehaztasunez, ganoraz, informatzeak.
Hori bagenekien duela 25 urte Goiena jaio zenean. Eskualdeko herrietan nagusi ziren bertako euskarazko hedabideak nagusi izaten jarraitu ahal izateko euskarri berriak sortu genituenean; eraginkorrago izateko egitura sendoagoak sortuz, informazioa maizago edota une oro emateko. Honela kaleratu genuen, justu gaurko egunez orain dela 25 urte, irakurtzen ari zaren Goienaren papereko astekariaren lehen zenbakia: Goienkaria. Gaur egun ere eskualdean gehien irakurtzen dena eta Gipuzkoan bigarren irakurria dena.
Papereko egunkariak gainbeheran daudela esan beharrik ez dago. Baina Goiena izan da, da eta izango da eskuetan daukazun paperekoa baino askoz ere gehiago. Eduki bera askotariko euskarrietan –egokituta eta aberastuta– ematen aitzindaria izan zen. Modu batez duela 25 urte, eta unean-unean momentuko errealitatera egokituta gaur. Premisa bat errespetatuz beti: informazio egiazkoa, kontrastatua, errespetuan oinarritua eta plurala ematea. Mila bider entzundako berbak dira, gaur inoiz baino garrantzi handiagoa daukatenak: sareetan sinatu barik zabaltzen diren gezurrezko eta irainez betetako mezuei eta hedabide handi eta ustez serioetatik nahi baino gehiagotan jasotzen ditugunei aurre egiteko sendagai onenak direlako.
Sinistuta nago kazetaritza egiazko eta eraginkorra egiteko bokazioa, pluraltasuna eta komunitatea direla Goienaren arrakastaren gakoak, berezko dugun tokikotasunaz gain. Gogoan dut, 80ko hamarkadan Leioako Kazetaritza Fakultatean ginenean, etxekideok sukaldeko mahaian Egin irakurtzen genuela egunero eta asteburuan gurasoenera heltzen nintzenean Deia irakurtzen nuela. Egin-zaleek eta Deia-zaleek, eta besteen zaleek, denek osatzen dute gure komunitatea, eta haiendako eta haiekin ari gara lanean.
Asko aldatu da jendartea 25 urte hauetan, eta aldatzen joan da Goiena; horren lekuko eta kontalari izan da. Aldizkari berezi honetan egin nahi izan dugu gertaera aukeratu batzuen kronika, batetik, eta erakutsi nahi izan dugu Goiena zelan aldatu den eta gaur egun zer den, bestetik. Biluzte-ariketa moduko bat.
Aldatu ez dena da egiten dugun hori komunitatearekin batera egiteko nahia. Pertsonei eta taldeei espazioak eskaintzea, zer esaten duten, pentsatzen duten edota nondik etorri diren baloratu barik; betiere, Goienaren helburu, misio eta balioak errespetatuz.
Eta, beti, aurrean egoteko bokazioa, geure moduko hedabideekin elkarlanean eta eskutik; eta aldaketarako gertu egotea, berritzeko nahia, datorrenak ziurgabetasuna edo beldurra sortu arren.
Eta, betiere, egiten duguna bezain inportantea egiteko modua dela aintzat hartuta: kudeaketa, pertsonak… Horren erakusgarri da abenduaren 17an, Donostiako Kursaalean, erakundeak jasoko duen Euskalit Fundazioaren Urrezko A Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria. Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkartea osatzen dugun guztioi eta eskualdeko herritarrei eta agenteei eginiko aitortza dena.
25 urte bete ditugu eta beste horrenbeste eta gehiago bete nahiko genituzke, zure istorioei esker, denon historia eginez.