Musikariak, zientzialariak, futbolariak... Txikienek gertuko emakumeak aukeratu zituzten; hala, han ginen Pura pediatra, Ainhoa udaltzaina eta ni neu, herriko dendariak ordezkatuz.
Izan ere, Antzuolako merkatarien gehiengoa emakumezkoak gara. Erreferente gara haurrentzat, baina hazten doazen heinean hori mantentzea ez da erraza. Zenbaitzuk nostalgiaz sartzen dira gurera, urteetan etorri gabe egon eta gero. Umetako oroitzapenak dituztela esaten digute, errotuladore edo kromo bila etortzen zirenekoak. Pena da horrenbeste denboran etorri ez izana... Librerixiak hor jarraitu du, hiru belaunaldik zainduta.
Egun, tokiko merkataritza kinka larrian dago. Autonomo izatea eta denda txiki bat mantentzea geroz eta zailagoa da. Hala ere, saiatuko gara erronka berriei aurre egiten eta egunero pertsiana altxatzen.