Birus honek garapen oro eten du eta noraezean jarri. Ziurtasun oso gutxiko egoera baten aurrean gaude. Oso zalantzan daude orain arte egin dugun ibilbidean nagusi izan diren balioak: guztionak diren lehengaien neurririk gabeko xahutzea, lehia, globalizazioa, klase sozialen arteko arrakala… Azken finean, gaur eta hemen, datozenak hor konpon. Iruditzen zait begirada altxatu eta ikuspegi luzeagoko estrategiak garatu beharko genituzkeela, hurrengo belaunaldiei ere duintasunez bizitzeko aukera eskainiz. Baita horretarako pribilegiotzat ditugun gauza asko alde batera utzi behar baditugu ere. Gizarte osoaren kolapsoa bertan ei dago, azken hamarkadetan gure neurritik kanpo ari gara, dagokiguna baino askoz gehiago xahutu dugu. Munduak bizirik jarraitzea nahi badugu, arduraz jokatu beharko dugu.
Hainbat politikariri irakurri diet koronabirusaren aurkako gerra irabazten dugunean gizarte moduan indartsuago izango garela. Horratx, nire galdera: zertarako? Lehengo bidetik jarraitzeko?