Lekaixoka aritzeak poza, alaitasuna, ilusioa, bizitzeko gogoa adierazten du. Xabier Amuritzak idatzi eta Imanolek ahotsa jarritako abesti bateko zati batek honela dio: Mundua ez da beti jai inoiz tristea ere bai/ baina badaude mila motibo kantatzeko alai. Iruditzen zait kopla horrek oso ondo laburtzen duela domekakoa. Ikastolaren ibilbidean dena ez da izan lekaixua. Izan dira une gogorrak, negarrak, nekeak, eztabaidak… Hau guztia ere gure historiaren zati bat da. Beste norbaitek "izan ginelako gara eta garelako izango gara" esan zuen. Bat nator.
Eskolak eta ikastolak eragile nagusi izan dira jendartearen aldaketan, kultura berritzen. Eta horixe da nik ikastolari eskatzen diodana, gizartea eraldatzen jarraitzea, baloreak lantzen, herria justuagoa eta berdinagoa egiten laguntzen jarraitzea. Domekan ospatzea tokatzen da, lekaixoka aritzea. Baina ez ahaztu: ondo pasatu, pasatu barik!
Etorriko da astelehena eta lanean jarraitu behar dugu, elkarlanean, auzolanean.