Gauzak ikusteko, sentitzeko, bizitzeko modua. Aspalditik dator, baina oso modernoa da. Bizia da, egunerokoa. Baserrikoa eta hirikoa. Edozertarako balio du: gozatzeko, haserretzeko, ikasteko, erosteko, saltzeko, informatzeko… Hori guztia da euskara!
Bihar Euskararen Eguna dela aitzakiatzat hartuta, erakundeek Zer egin dezaket nik euskararen alde? galderari erantzutera animatzen gaituzte. Ez dago gaizki hausnarketatxo hori egitea, baina “euskararen alde” egin beharrean, egin dezagun “geure alde”. Izan ere, euskararen erabilerak, batez ere, guri, euskaldunoi, egiten digu mesede. Hala ere, galdera hori denok egin beharko genioke geure buruari, ez bakarrik herritarrek. Jaurlaritzak, udalak, dendariek, enpresek, eskolek, kirol elkarteek… guztiek erantzun beharrekoa da. Ondorioak atera eta praktikara eraman.
Asko da geure alde egin dezakeguna, gure eguneroko portaera da gakoa. Aprobetxatu ditzagun euskara erabiltzeko aukera guztiak, izan daitezela urteko 365 egunak euskara erabiltzeko egunak.