Elkartasun irudiak

Erabiltzailearen aurpegia Elias Zumalde 2016ko uzt. 17a, 00:00

Aste honetan behin eta berriz ikusi dugu, era guztietako komunikabideetan, mutiko koxkor portugaldarra negar-zotinka ari zen frantziar gaztea kontsolatzen, animoak ematen.

Nonbait, zure ekipoak Eurokopako finala galdu izana latza da, gogorra. Sufrimendu hori arindu nahian mutiko horrek egindako keinuak hunkitu egin gaitu, sinpatikoa, hurbilekoa eta polita iruditu zaigu. Ez dut nik keinu hori kritikatu nahi, ezta hurretik ere!  Baina beste elkartasun irudi batzuei arreta bera eskaintzen diegu? Azkenaldi honetan ez zaizkigu falta gerrari, goseari, heriotzari, injustiziari… ihes egin nahian ari diren milaka eta milaka lagunen irudiak. Irudi latzak, gogorrak, benetako sufrimendua erakusten dutenak. Eta irudi horiekin batera elkartasun keinuak ere ikusten ditugu, sufrimendu hori arindu nahian, bidegabekeria horien aurrean, sekulako lana egiten ari diren pertsonenak. Susmoa dut bigarren irudi hauek ez zaizkigula egiten hain sinpatikoak, hain gertukoak, hain politak. Zergatik? Ez ote da izango sufrimendu hori sortu izanaren errudun sentitzen garelako? Egoera horiek konpontzeko, edota ez sortzeko, behar beste egin ez dugulako?

Elkartasun irudiez ari naizenez, aste honetan ikusi dugun beste irudi bat ekarri nahi dut gogora. Txalotzeko. Iruñeko Gazteluko plaza, eraso sexualen aurka egiteko eta ezetz ez da esateko, lepo beteta ikusteak poztu egin nau. Hurbilekoa egin zait, beharrezkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak