Jakin nahiko nuke zenbaki errealetan zenbat dirurekin lagunduko dituen Udalak herriko familia ugariak... Merke aterako zaizue, jarri dituzuen baldintzak kontuan hartuta.
Lotsagarriak eta bidegabeak iruditzen zaizkit udal batzordeko kideek hartu dituzuen erabakiak! Badago zuen artean familia ugariok gizartean dugun garrantziaren jabe den norbait? Horrenbeste hitz egiten dute politikariek jaiotza-tasa igotzearen garrantziaz... aurrekontu sozialak... hitz eta pitz! Besterik ez daukazue eskaintzeko? Ez dut uste familia ugariko kideok gizarteari egiten diogun ekarpen aberatsa konpentsatzeko inolako gogorik duzuenik!
Kide gutxiagoko familiei baino baldintza hobeak ez dizkiguzuela eman nahi da zuen aitzakia beti! Egoerak konpentsatzeaz berba egiten denean, normalean, horrek ez du zerikusirik besteen parean jartzearekin! Oso argi ikusten da aniztasun funtzionala duten pertsonengan, gaixotasun kronikoa duten pertsonengan, bazterkerian daudenengan...
Noiz ulertuko duzue familia ugariok, berez, baditugula baldintza okerragoak bizitzako gastuei aurre egiteko? Kotxe eta etxe handiagoen beharra, beste familiek duten baldintza berak izateko; kirola egiteko, material gehiagoren beharra, eta musika instrumentuak jo nahi baditugu; hizkuntzak ikasteko; udalekuak; eskola materiala; jantziak; osasun kontuak... Hori, "bizitza egoera on edo osasuntsuan" bagoaz aurrera; bestela, jai dugu!
Noiz jarriko zarete politikari eta teknikariok familia ugariei laguntzeko jarrerarekin paper zuri baten aurrean? Udalak benetan zein inbertsio egin dezakeen aztertzen?
Eta ez, nola pasatuko garen egoera honetatik, ahalik eta aurpegi politena erakutsiz herriari eta xemeikorik inbertitu gabe? Politikari guztiak eta zenbait teknikari erakusleihoari adi baina herritarrengandik oso urruti zaudetela ikusteak atsekabetuta eta etsituta uzten nau
----------
Esti Llodio Uribeetxebarria
Familia ugari bateko kidea
Aretxabaleta