Ikas Komunitateen hezkuntza-ikuspegia marko bezala hartuta, ekainaren 26an 09:00-14:00 bitartean Ikaskuntza Dialogikoaz arituko da Ramon Flecha Oñatiko Elkar Heziko Areto Nagusian (Arantzazuko Ama kaleko 18), bere printzipio nagusiak banan-banan azalduko dituelarik. Saioa irekia izango da eta beraz interesa duen orok sarbidea edukiko du.
Ramon Flechak Europako Batasunaren Batzordeak sustatutako eta finantzatutako hezkuntza arloko zenbait ikerketa proiektu zuzendu ditu Europa mailan, haien artean denontzako hezkuntza arrakasta eta inklusioa ardatz dituen INCLUD-ED izenekoa.
Horrez gain, Euskal Herrian eta Estatuan, Ikas Komunitateen hezkuntza-proiektuaren sortzaile eta bultzatzaile nagusienetakoa dugu.
Bere hezkuntza-ikuspegia, besteak beste, ikerketetatik ateratako datuetan, pertsona guztien gaitasunetan eta J. Habermas filosofo eta soziologo alemaniar entzutetsuaren ekintza komunikatiboan zein Paulo Freire pedagogo gogoangarriaren hezkuntza utopia eraldatzaile eta askatzailean oinarritzen du.
Aukera ederra beraz, hezkuntzaz arduratuta eta eredu alternatibo eta arrakastatsuez jakinmina duten guztientzat.