Ekintza bertan behera gelditu zen une hartan, eguraldi txarrarengatik, baina garbi utziz aurrerago egingo genuela, eta data ere jarri genuen, maiatzaren 8a. Hurbiltzen ari da eguna eta motorrak martxan jarri behar ditugu. Arrasaten Udalatxera joateko Aita Menni ospitaletik irtengo gara. Zergatik? Bada, Kepa Arronategi euskal presoa dagoelako bertan eta ekintza xume honekin aldarrikatu nahi dugulako Kepak ez duela Aita Menni ospitalean egon behar, etxean baizik. Legeak dio preso gaixoek etxean egon behar dutela; bete dezatela, beraz, hainbeste aipatzen duten legea eta utz dezatela Kepa etxekoekin aske.
Gero eta preso gehiago dago Euskal Herritik gertu, eta gutxi batzuk bertan ere bai. Arrasateko preso bakarra, Unai, Leonera ekarri dute. Unaik 31 urte daramatza espetxean eta zigorra beteta du. Kalean egoteko baldintza guztiak betetzen ditu. Bigarren graduan sailkatu dute, eta irteteko baimenak ere izan beharko lituzke. Ea, ba, hori laster ikusteko aukera dugun.
Madrildik behera asko dira oraindik. Legea betetzea besterik ez dugu eskatzen; lehenik, ekar ditzatela Euskal Herrira, eta ondoren, aske utzi. Gaur egun, ez dago inolako arrazoirik pertsona horiek espetxean egoteko; izan ere, mendekua eta gorrotoa ez dira arrazoi. ETA amaitu zen, eta, pertsona horiek objektiboki aztertuta, legeak azpimarratzen duen bezala, ez dakarte inolako arriskurik gizartearentzat; alderantziz, bizikidetzarako ezinbestekoak dira kalean.
Maiatzaren 8an mendi tontor bat egiteko arrazoi batzuk aipatu ditugu, baina ehunka arrazoi daude; presoak adina arrazoi. Legea betetzeko borondatea baduzue, ekarri preso guztiak Euskal Herrira, atera kalera gaixoak, hiru laurdenak bete dituztenak, hasi baimenak ematen eta baldintzapeko askatasunak aplikatu.
Denon artean lortuko dugu; ezin gara etxean geratu. Etorri gurekin Udalatxera edo Kurtzetxikira. Izan bidea presoen kaleratzea lortzeko!
----------
Enrike Letona
Arrasateko Sareren izenean
Arrasate