Ekintza hau iragarri genuenetik, Igor Gonzalez espetxeak hil du. Gaixo dagoen preso batentzat Euskal Herrian egotea ez dela nahiko frogatu da, tamalez; Igorrek etxean egon beharko zuen, legeak dioena betez gero. Izan dadila azkena! Agur eta ohore, Igor!
Arrasaten bertan, Aita Menni ospitalean, gaixorik dagoen beste preso bat daukagu: Kepa Arronategi. Ez dugu ukatuko etxetik 1.000 kilometrora baino askoz hobeto dagoela, baina legeak dio preso gaixoek etxean egon behar dutela; bete dezatela legea eta utz dezatela Kepa etxekoekin aske.
Azken egunetan, kanpaina mediatiko baten bidez, bost preso Euskal Herrira ekarriko dituztela zabaldu dute. Presoei, momentuz, ez zaie deus komunikatu. Ez da harritzekoa Estatu Espainolean horrelakoak gertatzea. Ohituta gaude, baina berdin haserretzen gara. Horietako bat Josu Arkauz da. Preso arrasatearra, eta aspaldi kalean egon beharko lukeena, legeak esaten duena zintzo betez gero. Josuri, gehienez, bi hilabete gelditzen zaizkio kalera irteteko; beraz, dagoen lekuan, Murtzian, gelditzea ez lioke egingo kalte handirik. Aldaketa honek onurak baino kalte gehiago ekarriko dizkio. Kondukzioa, ziegetatik pasatu beharra, ezezagunak dakarren desoreka, funtzionario berriak, preso ezezagunak... Ohitu baino lehenago kalean egongo da! Animo, Josu!
Urriaren 3an mendi tontor bat egiteko hiru kasu hauek aipatu ditugu, baina ehunka arrazoi daude; presoak adina arrazoi. Legea betetzeko borondatea baduzue, ekarri preso guztiak Euskal Herrira, atera kalera gaixoak, 3/4ak bete dituztenak…
Denon artean lortuko dugu; ezin gara etxean geratu. Etorri gurekin Udalatxera edo Kurtzetxikira.
Izan bidea presoen kaleratzea lortzeko!
----------
Enrike Letona
Arrasateko Sareren izenean
Arrasate