Neska honen deklarazioak entzun ondoren, Josuren eta Unairen egoera etorri zait burura. Neska honentzat txarrena astebete etxean bakarrik egotea da, eta burura etorri zait zenbat urte egon diren bakartuak Unai eta Josu. Bakartuak eta etxetik mila kilometrora. Badirudi euskal presoak betidanik egon direla koronabirusak kutsatuak, gutxienez, hartutako neurriei dagokienez. Bakartuak eta urruti...
Neska honentzat etxeak eskaintzen duen erosotasun guztiekin eta telefonoz edo sarez nahi beste harreman izateko aukerarekin gogorra baldin bada, irudika dezakezue zer izan daitekeen 30 urte ziega txiki, zikin eta ilun batean egotea? Bizarra egiteko makinatxoa ere kartzelariari eskatu behar diozuenean. Zaintzaileek ziegara sartu eta egun batean bai eta hurrengoan ere hankaz gora jartzen dizutenean bertan dituzun apurrak. Gauean ere, argiak piztu eta esnatzen zaituztenean hor zauden ikusteko. Bi ordu zure ziega baino pixka bat handiagoa den patio batera ateratzen zarenean, bakarrik askotan; hots, gelatik etxeko egongelara pasatuko bazina bezala.
Ondorioz, koronabirusa ez duzuenok eta pentsatzen duzuenok 30 urte espetxean egotea asko dela, atera kalera. Parte hartu Sarek hilabete honetan zehar antolatu dituen ekintzetan eta apirilaren 2an egongo den manifestazioan. Euria eginda ere, atera gaitezke 30 minutu kalera? Kendu diezaiokegu ordu erditxo bat pintxo-poteari manifara joateko? Egin behar genuen erosketa egin dezakegu lehenago edo geroago?
30 urte ziega batean: pentsatu, hausnartu, irudikatu… –eta Aretxabaletako neska hau ere lehenbailehen kalean egoteko aukera izatea nahiko nuke–.
Eta gezurrei buruz beste egun batean hitz egingo dugu…
----------
Enrike Letona
Arrasate