Alde batetik, indarrean dagoen hondakinak jasotzeko sistemarekin %83 gaika biltzea lortu dute. Oso emaitza txukuna eta eredugarria da eta Aretxabaletako herritarrei zintzoki zorionak eman behar dizkiegu. Beste aldetik, alderdi politikoei eskerrak eman beharrean gaude lortu dutelako adostea %80tik gora jarraitu behar dutela birziklatzen, galdeketan edozein sistema aukeratuta ere. Honek adierazten du jasotzeko sistema bera baino gehiago, helburua dela garrantzitsuena, eta horretan jarri nahi dugu indarra.
Orain dela denbora gutxi arte, atez ateko izeneko sistemak bakarrik lortzen zituen emaitza duinak eta guk sistema horren alde egin izan dugu buru-belarri. Gaur egun, Arrasaten zein Elgetan frogatu da txipdun edukiontziekin %80 gaika bil daitekeela. Beraz, emaitza onenak lortu dituena eta pertsonalizatuagoena atez atekoa bada ere, bion emaitzak nahiko gertu daude eta onargarriak dira.
Edozein modutan, anbizioarekin jokatu nahi dugu, eta %82 hori ere gainditu daitekeela erakutsi. Beraz, hobetzeko kanpainak, emaitzak jaisten direla sumatzerakoan baino gehiago, etengabe egiten jarraitu behar dugu. Ezin gara erlaxatu eta ezin diogu mugarik jarri, helburu utopikoa %100 lortzea da. Inguruko herritar, kooperatibista edo enpresariak has gaitezen burua estutzen oraindik birziklatzeko gai ez garenak ere birziklagarriak izan daitezen etorkizunean. Esan dezagun egun batean: "Nork esan zuen hori ezin zela birziklatu?".
Gure eskualdean, %80 birziklatzeko gai bagara, gauza bera egin daiteke Gipuzkoa osoan eta oso epe laburrean. Eta Gipuzkoa osoan %80tik gora birziklatzea lortuz gero, zertarako nahi dugu erraustegia? Zertarako gastatu behar dugu hainbeste diru, ez dugunean izango zer erre...
Debagoiena eredugarria da Europan eta mundu osoan, jarrai dezagun bide honetatik!
----------
Enrike Letona
(Debagoiena Zero Zabor)
Debagoiena